Jolas motak

ARIKETA JOLASAK

Jolas sentsoriala eta mugimenduzkoa, ariketa egitea edota berehalako emaitzak lortu eta eragitea helburu duten errepikapenezko jolasak dira ariketa jolasak. Haurrak egiten dituen lehenengoak dira, koska egin edota kolpeak jotzea esaterako, eta jostailuekin zein jostailurik gabe egin daitezke. Ekintza behin eta berriro errepikatzean datza jolasaren xarma. Jostailu mota honen adibidea litzateke txintxirrina.
Hiru urtetik aurrera jolas hauek gaitasun eta mugikortasun ekintzekin lotzen dira. Horien artean daude bizikleta, pilota, eskujokoak, ziba…
Ariketa jolasek hainbat gaitasun garatzen lagundu eta zentzumenen garapena bultzatzen dute, hainbat mugimendu eta desplazamenduren arteko koordinazioa errazteaz gainera. Era berean, kausa-efektu gertaera ulertzen eta lehen arrazoibideak egiten laguntzen dute. Norberak bere burua gainditzeko lagungarri dira, zenbat eta gehiago praktikatu, hobea izaten baita emaitza.

JOLAS SINBOLIKOAK

Gauzei, pertsonei, ekintzei edota gertaerei esanahi berriak ematen dizkieten jolasak dira. Gertaerak irudikatzen ditu eta rolen bidez eta asmatutako edo egiazko pertsonaien bidez, eszena sinesgarriak interpretatzen ditu. Helduen imitazio jokoa da. Jolas mota hau 2 urte ingururekin erabiltzen hasten da eta haurra adinean aurrera joan ahala, gero eta konplexuagoa da. Lehen urteetan gertuko bizimoduan oinarritzen da (mutil-neska kontzeptuak, familia, animaliak, eskola, etxea, jostailuak…), eta gero, urrunago dauden inguruetan (irakasleak, gizarte rolak, fikziozko pertsonaiak…). 8 urtetik aurrera jolas sinbolikoaren garrantzia gutxitzen hasten da. Jostailu hauen adibide dira pelutxeak, musika tresnak, super-heroiak, mozorroak eta modu batera edo bestera nagusien mundua errepikatzen duten jolas guztiak.
Jolas sinbolikoak oinarrizkoak dira haurrek gure ingurua uler dezaten. Jolas hauekin zer dagoen ongi eta zer gaizki ikasi eta praktikan jartzen dute eta berdin gertatzen da gizartean ezarrita dauden rolekin ere. Lengoaiaren garapena jolas mota honekin lotuta doa, jolasten ari direnean gauzak hitzez adierazten baitituzte. Irudimena eta sormena ere bultzatzen ditu jolas sinbolikoak. Garrantzizkoa da zein rol mota imitatzen dituzten lantzea, sexismoa eta lehiakortasuna bezalako balore negatiboak ez sustatzeko.

ERAIKUNTZA JOLASAK

Lotu beharreko piezak dituzten jolasak, muntaia jolasak eta antzekoak sartzen dira eraikuntza jolasen multzoan. Jolas mota hau eraikitzeko helburuarekin egiten da eta eraikuntza hori koordinatutako hainbat mugimendu eta ekintzen bidez lortzen da. Bizitzako lehen urteetan eraikuntzak oso sinpleak izaten dira, eta askotan, pertsona heldu baten laguntza behar izaten dute. Adinean aurrera joan ahala, eraikuntzak landuagoak dira eta beharrezkoa izaten da jostailuaren egileak emandako azalpenei jarraitzea.
Jolas mota hauen adibideak dira puzzleak, mekanoak, eraikitzeko maketak eta emaitza jakin bat lortzeko piezak elkartu edota pilatu behar diren jolasak.
Eraikuntza jolasek begien eta eskuen arteko koordinazioa suspertzen dute, baita formen eta koloreen bereizketa, arrazoibidea, leku antolaketa, arreta, gogoeta, memoria logikoa, kontzentrazioa, pazientzia eta azalpenak jarraitzeko gaitasuna ere. Autoestimuari mesede egiten diote eta norberak bere burua gainditzen laguntzen dute.

ARAU JOLASAK

Arau jolasek jarraitu beharreko azalpenak edota arauak dituzte eta parte hartzaileek horien berri izan eta onartu egin behar dituzte, aurreikusitako helburua lortzeko. 4 urte ingururekin hasten dira lehenengo arau jolasak. Hasieran gaitasun jolasak izaten dira, baita asoziazio eta arreta jolasak ere, eta askotan heldu baten edo zaharragoa den haur baten laguntza behar izaten dute. Haurra helduagoa denean, mahai jolasak izan ohi dira multzo honetan sartzen direnak (dominoa, bikoteak, tribiala…), baina bestelako arau jolasak ere badira. Hala nola, punteria jolasak, mahai-futbola… Arau jolasekin aritzeko, lagun bat baino gehiago behar izaten dira, nahiz eta joko indibidualak ere izan daitezkeen.
Arau jolasak funtsezkoak dira gizarteratzeko elementu moduan, haurrei galtzen eta irabazten, euren txanda eta arauak errespetatzen eta euren lagunen ekintza eta iritziak kontuan hartzen erakusten baitiete. Gainera, bestelako ezagutzak eta gaitasunak ikasteko ere oinarrizkoak dira. Lengoaiaren, memoriaren, arrazonamenduaren, arretaren eta gogoetaren garapena bultzatzen dute.