ZER DA JOLASA?

Jolasa, kultura eta gizarte guztietan izan da, eta eguneroko bizitzaren zati izan da, behar oinarrizkoenak ase ondoren.
Kaleko hizkeran, jolas hitza olgeta, dibertimendu edo atsedenaldiaren sinonimotzat erabiltzen da. Plazera bilatzea giza jardueraren eragileetako bat izanik ere, helburu horretara soilik mugatzen badugu jolasa eta haur jolasa, batez ere, desitxuratuta eta pobretuta ikusiko dugu haurraren garapen prozesuan duen funtzioa.

Haurrak jolas egiten du bere gaitasunak ezagutzeko, mundua ezagutzeko eta, halaber, besteek bera ezagutu dezaten. Bere ingurua eta inguruko mundua ezagutzen ikasten du. Jolasteko modua ez da bakarra eta, beraz, haurrek beren kabuz egiten dituzten aukerak errespetatu egin behar dira, murrizketarik egin gabe,haien osotasun fisikoa arriskuan ez badago behintzat.

Hori dela eta, jolasa oinarrizko jardueretako bat dela esan dezakegu, naturalki sortzen dena eta endokulturazioaren prozesua bultzatzen duena.

Aldi berean, ezinbestekoa da gizakiaren garapen psikomotor, intelektual, afektibo eta sozialerako eta eskala txikian oinarrizko gizarte-egiturak eta mekanismoak bisortzen ditu: arau batzuk izatea, helburu edo xede batzuen garrantzia...

Laburbilduz, jolasa ez da dibertimendu hutsa haurrarentzat, horrez gain, ekintza batzuk jartzen ditu, eta horien bidez trebetasun batzuk bereganatzen ditu haurrak, heldu egitean emozionalki orekatutako pertsona izan dadin.